Y Ekonomia, gizarte eta inguruarekiko jasangarriak diren proiektuak landu behar dira Nafarroako Mendialdean ~ LANIN-G

2014-09-18

Ekonomia, gizarte eta inguruarekiko jasangarriak diren proiektuak landu behar dira Nafarroako Mendialdean


PRENTSA-OHARRA

Lanin-G lan metodoak erakutsi du lurralde kohesioa indartzeko pausoak eman behar direla

Natur ingurune aberatsa osatzen dute Nafarroako Mendialdeko herriek eta bertako ekonomia sustatzekotan, baliabide horiei lotuta eman behar dira urratsak. Hori ondorioztatu dute Cederna-Garalurrek bultzatutako Lanin-G egitasmoko parte-hartzaileek.
Eskualde bakoitzeko premiak zeintzuk diren ikusi ondotik, etorkizuneko lan ildoak zehaztu dituzte. Ekonomikoki bideragarriak diren proiektuak lehenetsi dituzte eta errekurtso natural eta kulturalak zentzuz ustiatu eta gizartean eragin positiboa izanen duten lan ildoak aukeratu dituzte. Nafarroako Mendialdean bultzatu eta Nafarroako Mendialdeari bultzada ematea da asmoa.
Lehentasunen artean, lurralde kohesioa lantzeko premia azpimarratu dute. Bakarkako urratsak ematetik, eskualde mailakoak ematera igaro behar dela diote parte hartzaileek. Horretarako, bi formula desberdin proposatu dituzte: batetik, mankomunitate eta elkarteen arteko elkarlana bultzatzea, adibidez, turismo estrategia bateratu bat eginda. Bestetik, gaur egun lanean ari diren mankomunitate eta elkarteen eginkizuna herri gehiagotara zabaltzea eta konpetentziak gehitzea ere garrantzitsua da. Elkarlana bultzatuta, sektore guztiak dinamizatzeko aukera legoke.
Energia berriztagarrien arloan etorkizuna duen ingurunea da Nafarroako Mendialdea. Baliabide naturalen ustiapen egokia egiten ikastea izanen da hortaz gakoa. Guzti hau, eskualde ikuspegitik lantzen bada, burujabetza energetikoa lortzeko urrats garrantzitsua eman liteke.
Langabeziari aurre egiteko, kalitatezko lanpostuak sorraraziko dituzten egitasmoak ere bultzatu behar dira. Horretarako erabakigarria izan liteke, eskualdean dagoen formakuntza eskaintza. Gainera, eskaintza Nafarroako Mendialdeko beharretara egokituko balitz, esate baterako ekintzaileei, lehen sektoreari eta turismoari lotutako ikasketak eskainiz, emaitza aberasgarriagoak lortuko lirateke. Lanbide heziketaren aldeko apustua egitea ere premiazkoa da, gaur egun ikasketa hauek jaso nahi badituzte hurbileko herrietara mugitu behar izaten dute eta.
Bertan ekoiztu eta bertan kontsumitzea bultzatu nahi dute eta eskualdeko produktuek merkatuan merezi duten tokia lortzea. Horretarako, eskualde mailako marka bat sortzea litzateke aukera bat. Honek etorkizunik izatekotan, aurrez sentsibilizazio lan bat egitea premiazkotzat jo dute. Hitzaldi eta informazio-kanpainen bitartez, bertako zein kanpokoei eskualdeko produktuak kontsumitzeak dakartzan onurak azalduko litzaizkieke. Izan ere, erosleak kalitatezko produktu bat eskuratzeaz gain, ekoizleen lan baldintza duinak bermatu, ekonomia sustatu eta bertako paisaia mantentzea ere lortzen da.
Denona eta denontzat den proiektua lantzea oinarrizkoa da, guztiok inplikatuta lortuko baita Nafarroako Mendialdean lanpostuak eta ekonomia sustatzea.


CONTACTO
 Nahikari Uriarte Intxaurrondo
Agente de Desarrollo Comarcal de Mendialdea
Teléfono:  617 609 328
Correo electrónico: lekunberri@cederna.es


Descargarnota de prensa